12 hilabete, 12 eskubide haur eta nerabeen


URTARRILA

Haurraren interesa funtsezkotzat hartzeko eskubidea

 

Haurraren interes gorena, haurren eskubideei buruzko konbentzioan

Astelehena, urtarrilak 2

Hauxe dio Haurren Eskubideei buruzko Konbentzioak 3. artikuluan: “Haurrei dagokienez, gizarte-ongizateko erakunde publiko nahiz pribatuek, auzitegiek, administrazio-agintariek edo legegintza-organoek hartzen dituzten neurri guztiek haurren interes gorena zaintzea izango dute lehendabiziko ardura”.

Halaber, 18. artikuluak hauxe ezartzen du: “(…) Gurasoek edo, hala denean, lege-ordezkariek izango dute (…) ardura. Euren kezka nagusia haurren interes gorena izango da”.
Haurrek Parlamentuan online egin zuten saio batean, UNICEFek haurrei eta nerabeei galdetu zien nola ulertzen zuten eskubide hori, eta erantzun hau eman zuten: “ongi egoteko behar dugun guztia: hezkuntza, maitasuna, etxea, premiak...”.

Asteartea, urtarrilak 3

Haurrek eta nerabeek Haurren Eskubideen aldeko Batzordearen antzeko ondorioa atera zuten; izan ere, batzorde horren ustez, eskubide hori bermatzeko modua da, hain zuzen ere, Konbentzioak ezartzen dituen eskubide guztiak gauzatzea.

Hona hemen giza eskubide guztien ezaugarriak: unibertsalak dira (guztiontzat, bereizketarik egin gabe), ukaezinak (pertsonaren duintasunari lotuta daudelako) eta zatiezinak (eskubideen artean ez dago hierarkiarik; guztiak bete behar dira, eta batzuk betetzen badira, baliteke beste batzuk ere bete ahal izatea).

Asteazkena, urtarrilak 4

Eskubideak zatiezinak izateak ez du eragozten harremanetan pertsonen eskubide ezberdinak egotea, babesa merezi dutenak. Kasu horietan, haurren eta nerabeen interes gorenak eskatzen du beren eskubidea babestea, beste batzuen eskubideen aurrean.

Konbentzioaren ustez, lehentasun hori are garrantzitsuagoa da adopzioen kasuan. Horregatik, hauxe ezartzen du 21. artikuluan: “Adopzio-sistema aitortzen edo baimentzen duten estatu alderdiek zainduko dute haurren interes gorena dela lehendabiziko ardura” (hau da, jada ez da «ardura bat»,  «lehendabiziko ardura» baizik).

Gauza bera gertatzen da banantzeekin edo dibortzioekin: gurasoek ez badute ulertzen seme-alabak direla kaltetuenak, haiei lotuta hartzen dituzten erabakiek (adibidez, non eta norekin biziko diren, haiek ikusten jarraituko duten...) edo gurasoek haien aurrean dituzten eztabaidek ez dute haurren interes gorena errespetatuko.

Osteguna, urtarrilak 5

Haurren Eskubideen aldeko Batzordeak aipatu zuenean haurrek eskubidea zutela beren interesa funtsezkotzat hartzeko, argitu zuen, printzipioa eta berme prozesala izan arren, eskubide subjektiboa ere badela: hau da, alegatu eta erreklamatu egin daiteke gainerakoen eta auzitegien aurrean, eta errespetatu ezean, zuzenean aplika daiteke.

Printzipioa den aldetik, kontuan hartu behar da arauak garatzean, arau horietan txertatuz, eta interpretatzean, interpretazio horren berri emanez: bi gauzek eskatzen dute interes hori ebaluatu eta zehaztea, bai haur eta nerabe jakin batzuei aplikatzean, bai haurrei eta/edo nerabeei kolektibo gisa aplikatzean.

Berme prozesala den aldetik, eskatzen du lehenik eta behin haur eta nerabeei entzutea, kasu bakoitzean interes hori zein den zehazteko, eta, bigarrenik, ebaluazioa jasota geratzea, hau da, zehaztapen hori arrazoitzea.

Ostilara, urtarrilak 6

Nahiz eta ezin den a priori definitu zer izanen den onuragarriena haur eta nerabe bakoitzarentzat, norberak bere adina, identitatea eta/edo zirkunstantziak baititu, bai Batzordeak eta auzitegiek, bai Adingabeen Babes Juridikoari buruzko 2015eko Lege Organikoak irizpideak eman dituzte ebaluazio hori gidatzeko eta kontzeptu juridiko dinamiko eta zehaztugabe bat zehazteko.

Berez ez da irizpideen zerrenda zehatza, eta ez da irizpide bat beste baten gainean lehenetsi behar, baina, batez ere, honako hauek aipatzen dira:

  • Haurraren edo nerabearen iritzia kontuan hartzea
  • Bizitzeko eta garatzeko eskubidea babestea, maila guztietan (materiala, fisikoa eta hezitzailea, emozionala eta afektiboa)
  • Bere bizitza eta garapena indarkeriarik gabeko familia ingurune egoki batean egitearen komenigarritasuna
  • Haien identitateari, kulturari, erlijioari, sinesmenei, sexu orientazio eta identitateari edo hizkuntzari eustea, inolako diskriminaziorik egin gabe arrazoi horiengatik edo beste batzuengatik (desgaitasuna, egoera sozioekonomikoa, jatorria, etab.).


 

Haurraren interes gorena 2030 Agendan (GJH), foru legerian eta foru plagintzan

Astelehena, urtarrilak 9

2015ean, NBEren Batzarrak ebazpen bat onetsi zuen, inor atzean utzi gabe guztion bizitza hobetzeko helburu orokorrak ezartzeko. Horrela, 2030erako Garapen Jasangarrirako 17 Helburu lortuko omen dira, eta helburu horietako askok lotura dute haurrekin eta haurren eta nerabeen interes gorenarekin.

Haurrak eta nerabeak pobreziaren eta gizarte bazterketaren aurka babesteko ikuspegitik, funtsezkoak dira Garapen Jasangarrirako honako helburu hauek: 1.a (pobreziaren amaiera), 2.a (goserik ez), 3.a (osasuna eta ongizatea), 4.a (kalitateko hezkuntza), 6.a (ur garbia eta saneamendua) eta 8.a (lan duina eta hazkunde ekonomikoa).

Asteartea, urtarrilak 10

Oinarrizko eta hezkuntzako premia horiek berdintasun baldintzetan bete behar direnez, inolako diskriminaziorik gabe, 5. GJHa (genero berdintasuna) eta 10.a (herrialdeen arteko eta herrialde bakoitzaren barruko desberdintasunak murriztea) ere aplikatu behar dira.

Bestalde, adingabeentzako arrisku handiena desadostasunak eta gatazkak izan daitezke, kalteberagoak baitira eta garatzeko eta heldutasunera pixkanaka iristeko etapa batean baitaude. Horregatik, haien interesa funtsezkotzat jotzeko eskubide horretarako garrantzitsuak dira, halaber, 17. GJHa (helburuak lortzeko aliantzak sustatzen dituena) eta 16. GJHa (erakunde sendoak sustatzen dituena, bakea eta justizia babesteko asmoz).

Asteazkena, urtarrilak 11

Haur eta nerabeei arreta eta babesa eman eta haien familiak, eskubideak eta berdintasuna sustatzeko maiatzaren 11ko 12/2022 Foru Legeak 3. artikuluan aitortzen du adingabe orok eskubidea duela bere interes gorena baloratu eta funtsezkotzat har dadin berari dagozkion ekintza eta erabaki guztietan, hala eremu publikoan nola pribatuan, eta interes hori kasu bakoitzean interpretatu eta aplikatzeko orduan kontuan har eta hazta daitezen Estatuko araudian eta Haurren eta Desgaitasunen bat Dutenen Nazioarteko Konbentzioetan ezarritako irizpideak.

Halaber, 4. artikuluan adierazten du lehen printzipio gidaria eta nagusia dela, pertsonek, erakundeek eta administrazioek adingabeekiko harremanetan egiten dituzten jarduketak gidatzeko.

Halaber, eskubide eta prozedura arauen artean entzuna izateko eskubidea eta arrazoitzeko betebeharra gehitzen ditu, bereziki azken erabakiak zerikusi gutxi duenean haurrak edo nerabeak bere nahia, lehentasuna edo iritzia izateagatik adierazi duen horretatik.

Osteguna, urtarrilak 12

Nahiz eta asmoa izan behar den eskubide guzti-guztiak bermatzea, adingabearen interes gorena zehazteko irizpideen artean honako hauek nabarmentzen dira 12/2022 Foru Legean: bizitzarako, osotasun fisiko nahiz psikikorako eta garapenerako eskubidea (12. art.), nortasunerako eskubidea (14. art.), entzunak eta adituak izateko eskubidea (18. art.), familia ingurune egokia izateko eskubidea (4.1.b art.).

Nortasunaren garapen hori lortzeko, gurasotasun positiboa (4.1 i eta 35.6 art.), agente guztien erantzunkidetasuna (6. art.) eta komunikatzeko inguruneak eta moduak haien adinerako egokiak izatea (9. art.).

Ostirala, urtarrilak 13

Nafarroako Foru Komunitateko Familiari, Haurrei eta Nerabeei Laguntzeko II. Planak (2017-2023) nabarmentzen du Adingabeak Babesteko Lege Organikoaren 2015eko erreformaren funtsezko hobekuntzetako bat dela adingabearen interes gorena zehaztea eta babestea, irizpide komun batzuetatik abiatuta.

Printzipio hori bere egiten du Planaren berezko printzipioen artean, haurren interesa beste edozein interes legitimoren gainetik nagusitzen dela ziurtatu nahi duelako.
Haurren eta nerabeen eskubide guztiak baliatzeko bermearen bidez gauzatzen dela aurreikusten du.

Halaber, uste du haurrei eta gizarte osoari zuzendutako politika publikoak prestatzeko orduan kontuan hartu beharreko gidalerro bat ere badela.


 

Eskubide horrek beste printzipio eta eskubide batzuekin eta nazioarteko beste itun batzuekin eta eskubideen aldeko batzordeen lanekin duen lotura

Astelehena, urtarrilak 16

Haurren Eskubideen aldeko Batzordea Konbentzioan bertan aurreikusitako organo bat da, non munduko eremu guztietako hainbat herrialdetako aditu independenteek aztertzen baitute nola betetzen duten estatuek Konbentzioa, haiei laguntze aldera hobekuntzak egiten, urraketengatiko erreklamazioak ebazten edo artikuluei buruzko ohar orokorrak egiten.

2013ko 14. Ohar Orokorrean, azterketak eta gomendioak egin ziren haurrek beren interes gorena funtsezkotzat hartzeko duten eskubideari buruz, eta Jorge Cardona kide espainiarrari eskatu zitzaion azken bertsioa berrikusteko eta proposatzeko.

Horren parte da Konbentzioaren beste printzipio orokor batzuekin duen lotura, horietako hiru nabarmenduta, hurrengo 3 egunetan laburbilduko ditugunak.

Asteartea, urtarrilak 17

Adingabearen interes gorenak diskriminaziorik ez izateko eskubidearekin du zerikusia, eta azken horrek bi gauza dakartza berekin:

  • Diskriminazio modu guztiak debekatzea, Konbentzioan ezarritako eskubideak baliatzean.
  • Estatuek aurrera egin, eta neurri egokiak hartzea, haur eta nerabe guztiei bermatzeko aukera berdinak dituztela eskubideak baliatzean.

Horrek eska dezake neurri positiboak hartzea, benetako desberdinkeria egoerak zuzentzeko.

Asteazkena, urtarrilak 18

Adingabearen interes gorenak zerikusia du bizitzeko, bizirauteko eta garatzeko eskubidearekin.

Estatuek ingurune bat sortu behar dute, giza duintasuna errespetatuko duena eta haur eta nerabe guztien garapen holistikoa (alderdi guztietan) bermatuko duena.

Haurraren interes gorena ebaluatu eta zehaztean, Estatuak bermatu behar du haurraren bizitzeko berezko eskubidea erabat errespetatzen dela, eta ahalik eta neurri handienean bermatu behar ditu haurraren biziraupena eta garapena, Konbentzioaren 6. artikuluak aitortu eta ezartzen duen bezala.

Osteguna, urtarrilak 19

Adingabearen interes gorenak zerikusia du Konbentzioaren 12. artikuluan aipatzen den entzuna izateko eskubidearekin.

Interes horren ebaluazioak barnean hartu behar du eskubide hauen errespetua: iritzia libreki adierazteko eskubidea, eta, berari eragiten dioten gai guztietan, haren iritzia behar bezala kontuan hartzeko eskubidea.

Artikulu horiek eginkizun osagarriak dituzte: lehenengoaren helburua da haien interes gorena egia bihurtzea, eta bigarrenarena, berriz, haien iritziak entzuteko eta eragiten dien guztian sartzeko metodologia ezartzea, haien interes gorenaren ebaluazioa barne.

Batzordeak dagoeneko zehaztu du eskubide hori errespetatu egin behar dela, haurraren edo nerabearen ahalmenen bilakaera kontuan hartuta: zenbat eta gehiago jakin, esperimentatu eta ulertu, orduan eta gehiago egokitu beharko dituzte gurasoek edo arduradunek gidaritza eta orientazioa oroigarri eta aholkuen bidez, eta, aurrerago, berdintasunean oinarritutako truke baten bidez.

Ostilara, urtarrilak 20

Interes gorenaren ebaluazioa beti izanen da jarduera berezia, eta kasu bakoitzean egin beharko da, haur edo nerabe bakoitzaren edo haien talde bakoitzaren inguruabar zehatzak kontuan hartuta; inguruabar horiek hainbat ezaugarriri lotuta daude, eta, ezaugarri horiek direla-eta, askotan, adingabeak egoera kalteberan egoten dira. Inguruabar horietako batzuk aldi berean gertatuta ere eskubideak baliatzen direla bermatzeko, badaude kontuan hartu beharreko nazioarteko beste tresna batzuk:

  • Arraza diskriminazio modu guztiak ezabatzeari buruzko 1965eko Nazioarteko Konbentzioa eta Langile migratzaile guztien eta horien familiakoen eskubideak babesteari buruzko 1990eko Nazioarteko Konbentzioa.
  • Emakumearen kontrako diskriminazio mota guztiak ezabatzeari buruzko 1979ko Konbentzioa.
  • Desgaitasuna dutenen eskubideei buruzko 2006ko Konbentzioa.

Europan ere, Europako Kontseiluak eta Europar Batasunak zenbait tresna onetsi dituzte, hala nola Giza Eskubideen Europako Hitzarmena eta Europako Gutun Soziala (berrikusia) lehen kasuan, eta Europar Batasuneko Oinarrizko Eskubideen Gutuna bigarrenean.


 

Haurraren interes gorenarekin lotutako ekintzak, zerbitzuak, bisitak, jardunaldiak eta ekitaldiak

Astelehenea, urtarrilak 23

Urtarrilaren 11n, Udalen Iritzia Emateko Sarearen bileran parte hartu genuen. Bilera hori Gobernu Irekiaren eta Herritarrentzako Arretaren Zerbitzuko Herritarren Partaidetzarako eta Boluntariotzarako Atalak (Lehendakaritzako eta Gobernu Irekiko Zuzendaritza Nagusia) antolatu zuen, gure proiektuaren berri emateko Haurren Partaidetzarako Tokiko Kontseiluei eta haiei entzuteko.

Haurren Partaidetzarako Tokiko Kontseiluak edo egiturak Nafarroako Parte-hartze Demokratikoari buruzko martxoaren 22ko 12/2019 Foru Legean aurreikusitako tresna bat dira, toki administrazioek jarduketak gara ditzaten haurren eta nerabeen parte-hartzea txertatzeko beren lurralde eta eskumen esparruan, eta haien asmoa da haur eta nerabeek kontsulta eta partaidetza eginkizunak hartzea beren gain, udal mailan zuzenean edo zeharka eragiten dieten gai guztietan.

Asteartea, urtarrilak 24

Urtarrilaren 16an, Nuevo Futuro elkartearen etxebizitza funtzional bat bisitatuko dugu.

Etxebizitza horietan, familia baten gisako bizikidetza unitate bat bizi da, eta unitate horrek giza baliabideak eta baliabide materialak bermatzen dizkie jatorrizko familiatik banandu behar izan diren adingabeei, beharrezkoak direnak adingabeen afektibitatea, psikologia, adimena, prestakuntza eta maila soziala behar bezala gara daitezen.

Nahiz eta, ahal den guztietan, familia harreraren lehentasuna bermatu behar den, 12/2022 Foru Legeak egoitza harreraren inguruan ezartzen duen erregulazioak familia harremana eta lankidetza sustatzen ditu, eta harrera mota hori ematen duenari eskatu egiten dio baldintza jakin batzuk bete ditzan, familiak garapenerako ingurune egokia izan daitezen.

Asteazkena, urtarrilak 25

Urtarrileko azken astean bilera bat eginen dugu harrera familiekin bizi diren adingabeekin.

Gutxi ezagutzen den zerbitzua bada ere, familia ingurune egokia bilatu behar denean halakorik izan ezin dutenentzat, familia harrera da lehentasunezko aukera bai araudiaren ustez, bai babes entitatearen ustez.

Osteguna, urtarrilak 26

Urtarrilaren 24an, Gizain Fundazioaren adingabeentzako behaketa eta harrera zentro bat bisitatuko dugu.

Egoitza zentroak dira, adingabeak urgentziaz hartzen dituztenak haien babesgabetasun egoera dela-eta haien familia ingurunean egon ezin direnean.  Zentro horiek ingurune seguru eta babeslea eskaintzen diete aldi baterako, eta haien premia fisikoak, sanitarioak, psikoemozionalak eta hezkuntzakoak behar bezala estaltzen dizkiete.

Gizain Fundazioa da gizarte zerbitzu publikoak kudeatzeko Nafarroako Fundazioa. Nafarroako Gobernuak sortu zuen 2019ko urtarrilaren 10ean, batetik, funtsezko zerbitzu estrategiko batzuen kudeaketa publikoa bere gain hartzeko, hala nola Adingabeentzako Behaketa eta Harrera Zentroena, eta, bestetik, kudeaketaren kontrol, gardentasun eta arintasun handiagoak eta arretaren homogeneotasun eta ekitate handiagoak lortzeko.

Ostilara, urtarrilak 27

Bisita horietara Haziak elkarteko ordezkariak joanen dira gurekin askotan.

Haziak Nafarroako elkarte bat da, gaur egun tutoretzapean daudenei eta aurretik egon zirenei zuzendua. Tutoretzapean egondako pertsona batzuek sortu zuten, ongi baino hobeki baitzekiten nolakoa den baliabide batetik bestera ibiltzea eta zer gabezia ager ditzaketen adingabeek, adinaren eta egoeraren arabera. Horregatik, babesa ematen diete, helduaroan aurrera egin ahal izateko tresnak emanez.


 

ADINGABEAREN INTERESIK GORENA IZATEKO ESKUBIDEA URTARRILEKO BISITETAN

Astelehena, urtarrilak 30

Oinarrizko egoitza-harrera

Urtarrilaren 16an bisitatu genuen etxebizitza funtzionalean edo babeserako etxebizitzan, 6 adingabeekin egon ginen, denak mutilak.

Arratsalde horretan adingabeekin zeuden bi hezitzaileekin elkartu ginen egongela zabal batean. Argazkiak eta kartelak zeuden hormetan. Azaldu genien zergatik dagoen Haurren Eskubideei buruzko Konbentzioa eta zer den adingabearen interes gorena.
Adingabeek gustura adierazi zuten eskubide horien artetik zein gauzatu nahi zituzten.
A hasi zen eta esan zuen nahi zutela bizi ziren etxebizitzek etxebizitza arrunt baten antza handiagoa izatea. Galdetu ere ziguten gure etxeetan kartelak genituen hormetan.
Etxebizitzetako batzuetan zeuden arauak denen artean ezarri baitzituzten, esan ziguten arau horiek beren bilakaerari, adinei eta sentitzeko moduari egokitu beharko liratekeela.
Gustuko izan zuten iritziak ematea, baita entzunak izatea ere. Nolanahi ere, horrek guztiak ondorioak izatea ere bai, eskatzen ari diren hori kontuan hartuko zela ikusi nahi zuten.
Era berean, A-k esan zigun nahi duela hezitzaileak lasaitasunez aritzea haiekin eta, batez ere, jakin dezatela zerbaitetan huts egin dutenean ez dutela gustuko haiek ahotsa goratzea. Bere ustez, tratu hori ez da egokia eta esperientzia handiagoa duten beste hezitzaile batzuek ez dute halakorik egiten.

Gainerakoek ere sumatzen dute batzuetan alde hori, nahiz eta batek bakarrik halakorik sentitu duen. Beste batek, berriz, dio badakiela nola jokatu halakorik gerta ez dadin.

Nolanahi ere, denek bat egiten dute honetan: paga handixeagoa nahi dute eta paga bera izatea etxebizitza guztietan (entzun dute beste etxebizitza batzuetan diru gehiago hartzen dutela). Hala ere, batzuek kontatu dute sos batzuk ateratzen dituztela etxebizitzan konponketatxoak eginez edo haurrei futbolean entrenatzen, eta gustura hartzen dutela saritxo hori.

Haurtzaroaren ABZeko hitz gustukoen aldeko botoa eman zuten, haien zaletasunak zein ziren esan ziguten (futbola, musika, boxeoa, irtetea -batzuk erdialdera, beste batzuk arropa erosi eta modaren arabera batzuetan pintatzea-). Logelak ere erakutsi zizkiguten eta, kasuren batean, haien kromoak ere bai. Haien arteko giroa atsegina iruditu zitzaigun eta, orobat, desgaitasun bat duen mutilari tratu bera ematen diote.

Merienda eman ziguten, gurekin batera joan zen irrati-esatari batekin hitz egin zuten eta agur esan genien geure artean pentsatuz eta sentituz topaketa denendako probetxuzkoa izan zela eta berriz ere elkartu beharko genukeela eta haietatik ikasi, dutena mantentzeko eta zenbait gauza hobetzeko.

Asteartea, urtarrilak 31

"Argaray" adingabeentzako behaketa eta harrera zentroa

Urtarrilaren 24an izan ginen, 18:00etan. Bi hezitzailerekin (bata emakumezkoa eta bestea gizonezkoa) eta 3 mutilekin eta 3 neskekin egon ginen. Haietako gehienak Zoliatik Iruñeko erdialdera etorritakoak ziren, Gizain Fundazioak orain kudeatzen duen adingabeentzako behaketa eta harrera zentro honetara.

Azaldu genien zertan den haurren eskubideen berri emateko proiektua eta gure ustez zer alderdi diren iraultzaileenak Haurraren Eskubideei buruzko Konbentzioan. Halaber, esan genien zer den adingabearen interes gorena eta nagusiki zer lau alderdirekin duen zerikusia. Segidan galdetu genien haietako zein zen haiendako axolarik handiena zuena. Izan ere, norberaren iritzia kontuan hartuz erabaki behar da.

N-k kontatu zigun klaseetara joaten segitu nahiko lukeela, laguntzarekin bada ere ez delako gauza bera adingabeentzako behaketa eta harrera zentroan ikastea eta hark besteekin batera irten eta egon nahi zuela.

Era berean, irtetearen gaia oso garrantzitsua zen beste bi neskendako (L eta R) eta mutil batendako (R). R mutila kexu zen irteera gutxi dutelako eta, beren logelara erretiratu behar zutenean ere, behin lasai zeudela ezin zirela kalera atera. Neska zein mutilek nahiago dute kalera gehiago atera eta jarduera gehiago egin kanpoan.

Era berean, N-k nahi luke arauak aplikatzerakoan alderik ez egotea hezitzaileen artean eta, hartara, nahiago ditu beren denborak errespetatzen dituztenak.

Nesketako beste batek (R-k) zenbait kasu kontatu ditu, zeinetan gehiegizkoa edo zurrunegia iruditu baitzaio arau bat ez errespetatzeagatik aplikatu zaion neurria eta horrek, bere ustez, berekin ekarri du asko berari aplikatzea, hartarako arrazoi aski ez zegoenean.

S-k aipatu ditu beretako garrantzitsuak diren bi alderdi: norberaren sexu-orientazioa errespetatzea eta norberari zuzentzea bera identifikatzen den sexuaren arabera (badakite zein den hori). Nolanahi ere, ongi onartzen du norbaitek huts egin eta barkamena eskatzen dionean (halaxe gertatzen da batzuetan). Norberak zer sentitzen duen eta bere intimitatea zein den errespetatzea nahi du. Era berean, nahi luke inork garrantzia ez kentzea adingabeentzako behaketa eta harrera zentro batean egoteko arrazoiei, bereziki indarkeria jasatearekin zerikusia badute.

Denok eskertu diogu S-ri bere zintzotasuna eta heldutasuna, ikusi dugulako ez zaiola erraza gertatu halakoak guri azaltzea.

Nesken artean hirugarrenak (L-k) bat egiten du gehiengoarekin. Bere ustez ere adingabeentzako behaketa eta harrera zentrotik maizago atera behar dute kanpora, barrenak hustu behar dituzte. Halaber, esan digu nora joanen litzatekeen gustura, musika entzutera eta ongi pasatzera.

Gustatuko litzaioke adingabeentzako behaketa eta harrera zentroan horma-irudi handi bat pintatzea. Horixe egitera animatu genuen eta, pintatu ondoren, guri bidaltzera, jende guztiak ikus zezan.

Beren egongela erakutsi ziguten (solasean aritu ginen beren adingabeentzako behaketa eta harrera zentrotik hurbil eskura dituzten guneei eta zerbitzuei probetxua nola atera). Beren logeletan ere izan ginen.

Agur esan genien eta atea zabalik utzi genuen berriz elkartzeko, nahiko balute.

Departamentuak eta Gizain Fundazioak badute lana, kontatu digutena oinarri harturik haien bizi-kalitatea hobetzeko.