Proiektua

Haurren Eskubideei buruzko 1989ko Konbentzioak (HEK) konpromiso bat jasotzen du hura aplikatzen duten administrazio publikoentzat: administrazio publiko horiek beren printzipioak eta xedapenak jakinarazi behar dizkiete helduei eta haurrei, baliabide eraginkor eta egokien bidez, eta Konbentzioaren funtsezko zatia da haurren eta nerabeen eskubideak babestea eta sustatzea.

Haur eta nerabeei arreta eta babesa eman eta haien familiak, eskubideak eta berdintasuna sustatzeko 12/2022 Foru Lege (irakurketa errazean) berriak agintzen digu, alde batetik, haurren eta nerabeen eskubideak ahalik eta gehien zabaltzeko behar diren ekintzak egiteko, Haurren Eskubideei buruzko Konbentzioaren edukiak eta Haurren Eskubideen aldeko Batzordearen lanak zabaltzeko ekitaldiak sustatuz.

Beste aldetik, foru lege horretako xedapen guztiak ahalik eta gehien ezagutzeko eta oso-osorik betetzeko, eta horiek betearazteko jarduketen eraginkortasunik handiena lortzeko, Nafarroako administrazio publikoek bultzatuko dute lege hori ahalik eta gehien zabaldu dadin eta ahalik eta sentsibilizazio handiena lor dadin adingabeen, orokorrean, eta zehazki babes sistemaren inguruan dauden arazoez, bereziki adingabeen eta haien familien artean eta legean aipatzen diren esparruetan diharduten profesional, erakunde eta instituzioen artean; bultzatuko du, halaber, pertsona eta erakunde horien lan sozialaren balioa nabarmentzea eta, batez ere, harrera familiena.

Era berean, Nafarroako Foru Komunitateko Familiari, Haurrei eta Nerabeei Laguntzeko II. Planak (2017-2023) Haurren Eskubideei buruzko Konbentzioa haur, nerabe eta familien artean zabaltzeko programa bat jasotzen du, “Haurren eskubideen defentsa” izeneko jarduketa eremuaren barruko 1. ildo estrategikoan (Haurren eskubideen sustapena Nafarroan).

Hiruhilekoka antolatu ditugu elkarrekin lotuta dauden eskubide multzoak, eta honela banatu:

1. hiruhilekoa: Haur eta nerabeentzat espezifikoak diren lehentasunezko eskubideak 

  • Urtarrila: Haur eta nerabeei dagokienez, haien interesa interes gorentzat hartzeko eskubidea (Adingabearen Interes Gorena deritzona).
    Eskubide hori gauzatzean, beste batzuk hartzen ditu barnean, hala nola osotasun fisikorako eskubidea, garapen egokirako eskubidea eta tratu ona jasotzeko eskubidea.
    Horrez gain, bereziki aplikatu behar da gatazkak edo banantzeak direla-eta seme-alaben interesak lehenesten ez direnean edo kaltea eragiten zaienean, seme-alabak funtsezko elementutzat ez hartzearen ondorioz. 
  • Otsaila: Familia bat izateko eskubidea,  norberak berea, edo, hori ezinezkoa denean, edozein haur eta neraberentzat adopzioko edo harrerako familia bat lortzeko eskubidea, halakorik ez dutenean edo harengandik bereizi behar direnean, edo familia batekin antz handia duen harrera bat lortzekoa.
  • Martxoa: Diskriminaziorik EZ izateko eskubidea. Horrek berekin dakar desgaitasunagatik, egoera sozioekonomikoagatik, sexuagatik, migratzaile izateagatik edo beste zerbaitengatik edozein motatako diskriminazioa jasan dezaketen haur eta nerabeekin hitz egitea eta horiengana hurbiltzea.

2. hiruhilekoa: Eskubide zibil eta politikoak

  • Apirila: Parte hartzeko eskubidea eta, ondorioz, informazioa jasotzeko eta entzuna izateko eskubidea, iritzi eta adierazpen eskubidea askatasunez erabili ahal izan dezaten.
  • Maiatza: Biltzeko eta elkartzeko eskubideak, elkarri lotuak, parte hartzeko, entzuna izateko edo beren intereseko ekimenak sustatzeko.
  • Ekaina: Intimitaterako eskubidea eta datuak babestekoa.

3. hiruhilekoa: Eskubide kulturalak

  • Uztaila: Kulturarako eskubidea.
  • Abuztua: Kirolerako eskubidea.
  • Iraila: Aisiarako eskubidea.

4. hiruhilekoa: Eskubide sozialak eta ekonomikoak

  • Urria: Haurren lanaren aurreko babeserako eskubidea.
  • Azaroa: Gizarte babeserako eskubidea.
  • Abendua: Osasuna babesteko eskubidea eta hezkuntzarakoa.
  • Haurren Eskubideei buruzko Konbentzioan eskubide horri buruz jasotako aurreikuspenak zabalduko ditugu, Nafarroan, Espainian eta estatu guztietan errespetatu behar direnak, guztiek sinatu baitzuten hitzarmena eta guztietan aplikatu behar baita, batean izan ezik.

  • Eskubide horrek Garapen Jasangarrirako Helburuekin, gure 12/2022 Foru Legearekin eta Familiari, Haurrei eta Nerabeei Laguntzeko II. Planarekin duen lotura azalduko dugu.

  • Eskubide horrek beste eskubide batzuekin duen lotura zehaztuko dugu, bai eta elkarrekin lotutako nazioarteko beste itun batzuetako Giza Eskubideen Batzordearen edo Batzordeen lanekin duena ere (adibidez, Desgaitasuna duten Pertsonen Eskubideei buruzko Nazioarteko Konbentzioa, zeinaren arabera, berriki, foru araudia egokitu baitugu, Nafarroan desgaitasuna dutenei arreta emateari eta beren eskubideak bermatzeari buruzko azaroaren 28ko 31/2022 Foru Legearen bidez).

  • Eskubidearen aplikazioa eta sustapena zehazten duten edo harekin zerikusia duten ekintzen, politiken edo ekitaldien berri emango dugu, eta haien balioa nabarmenduko dugu.

Gainera, hiruhileko bakoitzaren azken astean, hiruhileko horretan zabaldutako eskubideen eta jasotako ekarpenen balorazioa eta laburpena eginen ditugu Pertsonarengan Zentratutako Arretaren Sarearen Sostengua Emateko Batzordean. Batzorde horretan, adingabeentzako arretaren arloko erakundeen bi ordezkari ditugu dagoeneko.

Era berean, hilabete bakoitzerako aurreikusitako hedapena baliatuko dugu, hilabete bakoitza adingabeen arretarako zentro edo zerbitzuren baten hilabetea ere izan dadin.

Gonbidapena egin diegu –eta horri eutsiko diogu– haurren eta nerabeen interesak eta eskubideak ordezkatzen edo defendatzen dituzten edo haien alde lan egiten duten hirugarren sektoreko erakunde guztiei eta gainerako administrazioei (gainerako departamentuak ez ezik, toki entitateak ere), gurekin batera lan egin dezaten edo proiektuan parte har dezaten.

Zabalkundea eta parte-hartzea

Ahalik eta zabalkunde eta parte-hartze handienak lortzeko, haurren eta nerabeen eskubideak sustatzen lagundu nahi dutenak animatu nahi ditugu 12hilabete12eskubide.nafarroa.eus webgunean edo gure ohiko kanaletan (sare sozialak, Errealitate Sozialaren Behatokiaren webgunea, Gizain Fundazio Publikoaren webgunea, Pertsonarengan Zentratutako Arretaren Sarearen Sostengua Emateko Batzordearen Share Point, oinarrizko laguntzarekin partekatzen dugun sarea...) sar daitezen eta informazio horiek zabal ditzaten.

Era berean, animatzen ditugu elkarri eragitera eta haur eta nerabeen eskubide edo gaiei lotuta interesa edo kezka pizten dieten ideiak, mezuak edo zalantzak helaraztera.

Postaz harremanetan jarri

Nahi baduzue haurrei edo nerabeei arreta ematen dieten zuen zentroak edo zerbitzuak bisitatzea eta horietan eskubideetako baten bat garatzeko edo hobetzeko onuragarriak izan daitezkeen ekitaldiak, ekintzak edo politikak gauzatzea, jarri gurekin harremanetan mezu bat igorriz niriarta@navarra.es helbidera. 

Hurrengo hilabetean, bisitaldi horietan gurekin hitz egin duten haurrek eta nerabeek eskubideaz duten ikuspegia laburbilduko dugu.