12 hilabete, 12 eskubide haur eta nerabeen

 

MAIATZA

BILTZEKO ETA ELKARTZEKO ESKUBIDEA

 

BILTZEKO ETA ELKARTZEKO ESKUBIDEA HAURREN ESKUBIDEEI BURUZKO KONBENTZIOAN

Astelehena, maiatzak 1

Haurren Eskubideei buruzko Konbentzioak honako hau ezartzen du 15.1 artikuluan: “Estatu alderdiek aitortzen dituzte haurren eskubideak, elkartzeko askatasunari eta bilera baketsuak egiteko askatasunari dagokienez”.

Asteartea, maiatzak 2

NBEk bi eskubide horiek aitortuta zituen Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalean eta, ondoren, Eskubide Zibil eta Politikoen Nazioarteko Itunean (bilera baketsuak egiteko eskubidea 21. artikuluan eta beste pertsona batzuekin askatasunez elkartzekoa 22. artikuluan).

NBEk garrantzi handia ematen die bi eskubideei; izan ere, 2010ean errelatore bereziak berariazko agindua eman zuen askatasunez bilera baketsuak egiteko eta elkartzeko eskubideari buruz.

Gaur egungo errelatoreak (Clément Nyaletsossi Voule) bere adierazpen bat egin du, nabarmentzeko zenbait herrialdetan (adibidez, Bielorrusia, Txina/Hong Kong, Nigeria eta Thailandia) gazteek topaketa asko egin berri dituztela kalean, demokrazia, askatasuna eta guztien giza eskubideak aldarrikatzeko.

Asteazkena, maiatzak 3

Konbentzioaren 15. artikulu horren 2. paragrafoaren arabera, ezin izanen da bi eskubide horiek egikaritzeko murrizketarik ezarri, legearen arabera ezarritakoez gain, baldin eta gizarte demokratiko batean beharrezkoak badira, segurtasun nazional edo publikoaren, ordena publikoaren, osasunaren eta moral publikoaren babesaren edo gainerakoen eskubide eta askatasunen babesaren mesedetan.

Osteguna, maiatzak 4

Nahiz eta zenbait kasutan (adibidez, COVID-19ak eragindako osasun krisia) osasun publikoa babesteagatik eskubide horiek mugatzen diren, NBEko errelatore berezi batzuek (giza eskubideen defendatzaileen egoerari, iritzi eta adierazpen askatasunerako eskubidearen sustapenari eta babesari, eta biltzeko eta elkartzeko eskubideari lotutakoak) nabarmendu dute, ikasitako ikasgai gisa, garrantzitsua dela bide alternatiboak bilatzea, online badira ere, ideiak partekatzeko eta eskubideak aldarrikatzeko gune zibiko horiei eusteko.

Ostilara, maiatzak 5

Alde horretatik, asoziazionismoak eta boluntarioek ere erakutsi zuten nola elkartu, zaurgarritasun handiagoa zutelako etxetik irten ezin ziren edo irteten uzten ez zietenei laguntzeko.


 

BILTZEKO ETA ELKARTZEKO ESKUBIDEA 2030 AGENDAN (GJH), FORU LEGERIAN ETA FORU PLANGINTZAN

Astelehena, maiatzak 8

Eskubide hori ongien ordezkatzen duen GJHa 17.a da: "Helburuak lortzeko aliantzak". Izan ere, 2030 Agenda arrakastaz aplikatzeko, “aliantza sendoak, inklusiboak eta integratuak behar ditugu maila guztietan” (Ban Ki-moon idazkari nagusia).

Kide garen aldetik, dauden baliabideak baino gehiago mobilizatzen eta beste batzuk (gaikuntza eta sormena) azaleratzen ahalko ditugu, eta gainerako kideei eskatzen ahalko diegu beren konpromisoak betetzeko.

Asteartea. maiatzak 9

Haur eta nerabeei arreta eta babesa eman eta haien familiak, eskubideak eta berdintasuna sustatzeko maiatzaren 11ko 12/2022 Foru Legearen 17. artikuluak asoziazionismoari lotzen dio parte-hartze soziala, eta administrazio publikoei eskatzen die sustatu dezatela haurren eta gazteen elkarteak eta adingabeak antolatzeko beste modu batzuk; horretarako, erraztasunak eman behar dizkiete elkarte horietako eta haien organoetako kide izan daitezen eta haien jardueretan parte har dezaten, elkartzeko eta adingabearen babes juridikorako eskubideen erregulazioan aurreikusi bezala, eta laguntza eman behar diete aholkularitza eskatzen dutenean.

Era berean, eskubidea dute, eduki negatibo gisa, elkarte batean sartzeko edo bertan jarraitzeko behartuak edo baldintzatuak ez izateko.

Asteazkena, maiatzak 10

Adingabeen Babes Juridikoari buruzko urtarrilaren 15eko 1/1996 Lege Organikoaren 7.2 artikuluaren arabera, adingabeek elkartzeko eskubidea dute. Eskubide horrek, bereziki, honako hauek biltzen ditu:

  • a) Alderdi politikoen eta sindikatuen gazte elkarte eta erakundeetan parte hartzeko eskubidea, legearekin eta estatutuekin bat etorriz.
  • b) Haur eta gazte elkarteak sustatzeko eta elkarte horiek legearen arabera inskribatzeko eskubidea. Adingabeak elkarte horietako zuzendaritza organoetako kide izan daitezke.

Haur eta gazte elkarteek, betebehar zibilak bete ahal izateko, gaitasun osoa duen legezko ordezkari bat izendatu beharko dute, beren estatutuen arabera.

Adingabea edo haren gurasoak elkarte bateko kide izateak adingabearen garapen osoa eragozten edo kaltetzen duenean, edozein interesdunek (pertsona fisikoa edo juridikoa, edo erakunde publikoa) Fiskaltzara jotzen ahalko du beharrezkotzat jotzen dituen babes neurri juridikoak susta ditzan.

Eta lege organiko beraren 7.3 artikuluaren arabera, adingabeek eskubidea dute bilera publikoetan eta manifestazio baketsuetan parte hartzeko, legeak ezarritakoaren arabera deitu badira.

Era berean, eskubidea dute haiek sustatzeko eta deitzeko, gurasoen, tutoreen edo zaintzaileen esanbidezko adostasunarekin.

Osteguna, maiatzak 11

Maiatzaren 11ko 12/2022 Foru Legearen 17.3 artikuluan, Gazteen Parlamentua finkatzen da nerabe eta gazteentzat batera parte hartzeko modu gisa, eta, hura indartzeko, ahalmena ematen zaio eztabaidatu nahi dituen gaietan edo ekimenak edo proposamenak landuko direnetan eskumena duten departamentuen esku-hartzea eska dezan, eztabaidak edo proposamenen aldeko jarrera errazteko.

Ostilara, maiatzak 12

Nafarroako Foru Komunitatean Familiari, Haurrei eta Nerabeei Laguntzeko II. Planak (2017-2023) asoziazionismoaren beste ikuspegi bat jorratzen du bere 7. arloaren barruan (“Arreta komunitarioa eta sareko lana”). Horregatik, asoziazionismoa sustatu eta bultzatzen du bere lehen ildo estrategikoan (helduak gaitzea, haurren eskubideak sustatzeko tokiko elkarte sarea indartuz). Eta, horretarako, lurraldean jada errotuta dauden edo eremu giltzarrietan dauden elkarte eta kolektiboei (hala nola GEak eta ikastetxeetako eskola kontseiluak) prestakuntza eta aholkularitza ematea aurreikusten du.


 

ESKUBIDE HORREK BESTE PRINTZIPIO ETA ESKUBIDE BATZUEKIN ETA NAZIOARTEKO BESTE BALIABIDE BATZUEKIN ETA ESKUBIDEEN ALDEKO BATZORDEEN LANEKIN DUEN LOTURA

Astelehena, Maiatzak15

Eskubide Zibilen eta Politikoen Nazioarteko Itunaren Giza Eskubideen Batzordeak, 2020ko irailaren 17an, bere ohar orokorretako batean –37.a, hain zuzen–, hizpide hartu zuen bilera baketsuak egiteko eskubidea:

Atal batean, nabarmendu zuen poliziak bakarrik hedatu beharko liratekeela bilerak zaintzeko, baldin eta gaikuntza jaso badute, bereziki, giza eskubideei buruzko arauen arloan. Gaikuntza horrek kontzientziatu behar ditu kalteberatasun egoeran dauden pertsonen edo taldeen premia espezifikoei buruz; izan ere, batzuetan, gerta liteke emakumeak, haurrak eta desgaitasuna duten pertsonak egotea bilera baketsu horietan.

Asteartea, maiatzak 16

Halaber, Europar Batasuneko Oinarrizko Eskubideen Gutunean, artikulu berean (12. artikulua) jasotzen dira pertsona orok askatasunez bilera baketsuak egiteko duen eskubidea eta maila guztietan askatasunez elkartzekoa, barnean direla maila zibikoa, politikoa eta sindikala. Horrez gain, nabarmentzen da alderdi politikoek zenbateraino laguntzen duten Europar Batasuneko herritarren borondate politikoa adierazten.

Haurren asoziazionismoa eta parte-hartzea berme dira helduaroan aktibismo zibikoa izateko.

Asteazkena, maiatzak 17

Europako Haurren Bermea Ezartzeko Estatuko Ekintza Planak (2022-2030) nazio mailan koordinatzen du Eskubide Sozialetako Estatu Idazkaritzaren eta Eskubide Sozialetako eta Agenda 2030eko Ministerioaren mendeko Haurren eta Nerabeen Eskubideen Zuzendaritza Nagusia. Plan horretan ezarritakoari jarraikiz, zuzendaritza nagusi horrek bere gain hartzen du, besteak beste, Planean inplikatutako eragileen arteko lankidetza erraztu eta bultzatzeko eginkizuna, barnean hartuta haurren eta nerabeen elkarteak, gobernantza sistema baten parte direnak; sistema horretan, maila politikoarekin eta operatiboarekin batera, kontsulta maila bat dago, eta horren parte dira aipatutako elkarteak, haurrek eta nerabeek parte hartzeko mekanismo gisa.

Osteguna, maiatzak 18

Ikaskuntza komunitateak dira haurrei eta nerabeei esparru esanguratsu eta garrantzitsu batean –kasu honetan, hezkuntza– parte hartzeko aukera emateko modu bat, eta, aldi berean, hezkuntza komunitateko gainerako eragileekin elkartzen laguntzen diete. Ikaskuntza komunitate horien helburua da ikasleen ikaskuntzan eta garapenean zuzenean edo zeharka eragiten duten pertsona guztiak inplikatzea: irakasleak, senideak, lagunak, boluntarioak eta abar.

Horrelako proiektuen eskutik, ikastetxean eta gizartean ikasteko funtsezko bi faktore nabarmentzen dira: elkarreraginak eta komunitatearen parte-hartzea.

12/2022 Foru Legeak horrelako komunitateak eratzea sustatzen du honako artikulu hauetan: 10.6 (haurren eskubideak sustatzeko bide gisa), 36.2.g (erakunde laguntzaileentzat hausnarketarako espazio baliagarri gisa), 45.1 (sarean funtzionatzeko eredu gisa) eta 74.m (haurrak babesteko sisteman esku hartzeko irizpide gisa).

Ostilara, maiatzak 19

Iruñeko Udalak, Gaztediaren Etxearen bitartez, gida hau argitaratu zuen 2014an, eta, ondoren, 2018an eguneratu: Gazte Elkartegintza. Bidaia bat gazte-elkarteen eraketan eta kudeaketan barna. Gida horretan, honako hauek azaldu zituen: lehenbiziko urratsak, gazte elkarte bat antolatzeko bide-orria, abiatu aurreko izapideak, eta gazte elkarte bat eratzeko eta ondoren abian jartzeko ereduzko dokumentuen zerrenda.


 

HAURRAK ETA GAZTEAK BILTZEKO ETA ELKARTZEKO ESKUBIDEAREKIN LOTUTAKO BISITAK

Maiatzak, 22-31

Haurrak eta gazteak biltzeko eta elkartzeko eskubidearekin lotutako bisitak

Lehenengo astean, maiatzaren 4an, oraindik ere Haurren Partaidetzarako Tokiko Organo bat bisitatu genuen, kasu honetan Iruñako Udalak sustatutakoa. Bisitaren laburpenean azaldu genuen bezala, gurekin bildu ziren 13 eta 17 urte bitarteko neska-mutilak eta COworkids-eko arduraduna, azaltzeko iaz eta aurten egin dituzten proiektuak eta proposamenak, Nafarroako Gobernuko Kanpo Ekintzak antolatutako Europako proiektu baten esparruan. Proiektu horietako bakoitza Garapen Jasangarriko Helburu batekin edo batzuekin loturik dago, eta askotan ingurumenarekin loturiko helburuak eta xede sozialekoak batzen dituzte.

Maiatzaren 3an, berriz, Nafarroako elkarte bat bisitatu genuen, AFADENA, 2004an sortua eta irabazi asmorik gabekoa. Elkartea osatzen du estatuko eta nazioarteko familia adoptatzaile talde handi batek, tartean direlarik adopzio prozesuan dauden familiak ere, eta berariaz sortu zuten asoziazionismoan familia adoptatzaileen premiei buruz dagoen hutsunea betetzeko.  Zenbait familiekin bildu ginen, eta hizketan aritu ginen batez ere haien seme-alabekin; webgunean argitaratu genuen bisita, eta hor laburbiltzen da kontatu zigutena.

Hurrengo bisitan, maiatzaren 17an, zeina egina izanen baitugu testu hau argitaratzerako, informazioa emanen zaie Nafarroako toki-erakundeei, bai eta gaiarekin –haurtzaroarekin, pobreziaren aurkako borrokarekin, desgaitasunarekin– lotutako hainbat alorretako erakundeei ere, jakin  dezaten zer lan egin den eta zer gelditzen den egiteke Nafarroan eta Espainian ezartzeko Kontseiluaren 2021/1004 (EB) Europako Gomendioa, 2021eko ekainaren 14koa, Europako Haurren Bermea ezartzen duena. Lan hori lankidetzan egiten ari gara Nafarroako Gobernuko zenbait departamenturen, erakunderen eta unitateren eta Gizain Fundazioaren artean, Eskubide Sozialetako eta Agenda 2030eko Ministerioarekin eta haurren pobreziaren aurka borrokatzeko Goi Komisarioarekin batera.

Garapen horretarako, Ministerioak eta Goi Komisarioak, UNICEFeko ECARO Bulegoaren laguntzarekin, Europako Haurren Bermea ezartzeko Estatuko Ekintza Plan bat onetsi zuten 2022an, 2030era arte luzatuko dena. Plan horretako helburuak lortzeko hainbat ekintza aurreikusten dira, eta honako gobernantza sistema hau proposatzen da: gizarte zibilaz eta haurrez gain, maila operatiboan autonomia erkidegoek ere esku hartuko dute, erkidegoetako Esku-hartze Berezietarako Taldeen bidez (Nafarroan, Eskubide Sozialetako Departamentukoa). Gainera, talde horiek  toki-erakundeen inplikazioa eta lankidetza bilatu behar dituzte. 

Gomendio horren helburua da gizarte-bazterketa prebenitzea eta haren aurka borrokatzea, premiak dituzten haurrei (pobrezia arriskuan edo gizarte-bazterketako arriskuan direnak) funtsezko zerbitzuak bermatuz (hezkuntza, osasuna, gizarte-babesa, elikadura eta etxebizitza), eta modu horretara haurren eskubideak defendatzen laguntzea, haurren pobreziaren aurkako borrokaren eta aukera-berdintasunaren sustapenaren bidez.

Lan hori erraztuko duen jarduketa-esparrurako gomendatzen da, alde batetik, bermatzea estatuko, eskualdeko eta tokiko politikak –gizarte, hezkuntza, osasun, elikadura eta etxebizitza arloetakoak– koherenteak izan daitezela eta, ahal den neurrian, politika horien egokitasuna hobetzea haurrei modu integratuan laguntzeko; eta beste alde batetik, lankidetza sustatzea estatuko, eskualdeetako eta tokiko agintarien artean, bai eta gizarte ekonomiako erakundeen, haurren eskubideen aldeko gobernuz kanpoko erakundeen, haurren beraien eta bestelako alderdi interesatuen artean ere, eta, orobat, horiek guztiek parte har dezatela haurrendako kalitatezko politikak eta zerbitzuak diseinatu, gauzatu eta horien jarraipena egiten. 

Horregatik, elkartzea bilatu behar da eta giltzarri diren eragile horiekin guztiekin bildu, bai eta estatukoekin ere, eta maiatzaren 18koa bezalako bilerak sustatu behar dira.

Maiatzaren 23an eta 30ean, Partaidetzarako Atalarekin batera, Orkoeinera eta Beriainera joanen gara, Gobernuserako bidaia komikiaren bertsio antzeztuak ikustera. Komiki hori Lehendakaritzako eta Gobernu Irekiko Zuzendaritza Nagusiak argitaratu zuen, eta orain arte gure bisitetan banatu dugu. 

Halaber, asmoa dugu García Galdeano ikastetxe publikoko ikaskuntza-komunitateekin elkartzeko, teoria zientifiko batzuekin bat datozen hezkuntza-jarduerak proposatzen dituen proiektu baten harira; teoria horiek bi faktore nabarmentzen dituzte, gaur egungo gizartean ikaskuntzarako giltzarri direnak: interakzioa eta komunitatearen parte hartzea. 
Horregatik, ikasleen ikaskuntzan eta garapenean zuzenean edo zeharka eragiten duten pertsona guztiak inplikatzen dituzte, barne harturik irakasleak, familiak, lagunak, auzoko bizilagunak, auzoko eta herriko elkarteetako kideak, boluntarioak eta abar.