12 hilabete, 12 eskubide haur eta nerabeen


SEPTIEMBRE

Derecho al ocio

En la Convención de Derechos del Niño de 1989; en la Agenda 2030 (ODS) y en la legislación y planificación foral; Comités y relaciones con derechos y otros instrumentos internacionales; y actuaciones políticas y eventos relacionados con el interés superior de la infancia.


 

 

AISIARAKO ETA JOLASERAKO ESKUBIDEA HAURREN ESKUBIDEEI BURUZKO KONBENTZIOAN

Astelehena, Irailak 4

Haurren Eskubideei buruzko Konbentzioaren 31. artikuluak hauxe ezartzen du: “Estatu alderdiek aitortzen dute haurrek duten eskubidea, atsedenaldirako eta aisialdirako, euren adinaren araberako jolasetarako eta jolas-jardueretarako [...]”.

Asteartea, Irailak 5

Haurren Eskubideen aldeko Batzordeak aisiarako eta jolaserako eskubideari heldu zion, aurreko hilabeteko kirolerako eskubidea bezala, 2013ko 17. ohar orokorrean.

Bere lehen gogoeta da, inbertsioak behar izateaz gain, inbertsio horiek ez direla geratu behar jarduera egituratuak eta antolatuak bermatzean, baizik eta garrantzia eman behar zaiola denbora eta espazio bat sortzeari, non haurrak jolasean, olgetan eta sormenean aritzen ahalko diren, eta jarduera hori babesten eta sustatzen duten gizarte jarrerak sustatzeari.

Haurrek berek hasitako jolasetan lehiatzeko aukerek motibazioa, jarduera fisikoa eta gaitasunen garapena indartzen dituzte.

Asteazkena, Irailak 6

Batzordeak haur jolastzat hartzen du haurrek berek hasitako, kontrolatutako eta egituratutako portaera, jarduera edo prozesu oro; jolas hori edonon eta edonoiz gertatzen da, horretarako aukera dagoenean.

Haurrak zaintzen dituzten pertsonek jolaserako ingurune egokiak sortzen lagun dezakete, baina jolasa bera borondatezkoa da, motibazio intrintseko bati erantzuten dio eta helburu bat da berez, ez helburu bat lortzeko bitarteko bat.

Jolasak autonomia eta jarduera fisikoa, mentala edo emozionala gauzatzea dakar, eta forma anitz har ditzake, taldean edo banaka gara daitezkeenak. Forma horiek aldatu eta egokitu egiten dira haurtzaroan zehar.

Honako hauek dira jolasaren ezaugarri nagusiak: dibertsioa, ziurgabetasuna, erronka, malgutasuna eta produktibitaterik eza. Faktore horiek batuta, bai jolasaz gozatzen, bai jolasten jarraitzeko pizgarria sortzen laguntzen dute.

Askotan jolasa funtsezkoa ez den elementutzat hartzen bada ere, Batzordeak berresten du haurren plazeraren funtsezko eta ezinbesteko dimentsioa dela, baita garapen fisiko, sozial, kognitibo, emozional eta espiritualaren ezinbesteko osagaia ere.

Osteguna, Irailak 7

Batzordeak 31. artikuluan nabarmentzen du garrantzitsua dela haurrak bere adinari dagozkion jarduerak egin ahal izatea. Jolasari eta olgetari dagokienez, kontuan izan behar da haurraren adina, jolasteko emanen zaion denbora zehazterakoan, baita honako hauek ere: eskuragarri dauden espazioen eta inguruneen izaera; estimulatzeko moduak eta aniztasuna; eta helduen gainbegiratze eta partaidetza maila, segurtasuna bermatzeko beharrezkoa dena.

Haurrak hazi ahala, haien beharrak eta nahiak aldatu egiten dira, eta jolasteko aukerak eskaintzen dituzten inguruneen ordez, sozializatzeko, lagunekin partekatzeko edo bakarrik egoteko aukerak ematen dituzten lekuak finkatzen doaz. Haurrek gero eta egoera gehiago aztertzen dituzte, arriskuak edo erronkak dakartzatenak berekin.

Esperientzia horiek beharrezkoak dira nerabeen garapenerako, eta norberaren nortasunaz eta kide izatearen sentimenduaz jabetzen laguntzen dute.

Ostilara, Irailak 8

Halaber, 17. ohar orokorrak Haurren Eskubideei buruzko Konbentzioaren 31. artikulua praktikan jartzeko gainditu behar diren arazoak ere aztertzen ditu, eta hauxe nabarmentzen du: “munduko leku askotan, jolasa denbora “galdutzat” hartzen da, berezko baliorik ez duten jarduera arin edo ez-emankorretan ematen baita. Gurasoek, haurrak zaintzen dituzten beste pertsonek eta administratzaile publikoek lehentasun handiagoa eman ohi diete ikasketei edo balio ekonomikoa duen lanari jolasari baino; izan ere, askotan jolasa iraingarri, zikin, nahasgarri eta inbaditzailetzat jotzen da.

Gainera, helduek askotan ez dute behar bezalako konfiantzarik, trebetasunik edo ulermenik, haurrei beren jolasetan laguntzeko eta haiekin modu ludikoan jarduteko. Haurrek jolasteko eta olgetan ibiltzeko duten eskubidea eta jarduera horiek haien ongizaterako, osasunerako eta garapenerako duten funtsezko garrantzia ez dira ongi ulertzen eta, beraz, gutxietsi egiten dira. Jolasaren erabilgarritasuna aitortzen den kasuetan, oro har, jarduera fisikoak eta jolas (kirol) lehiakorrak dira, fantasia edo dramatizazio soziala baino gehiago baloratzen direnak, adibidez.

Batzordeak azpimarratzen du premia berezia dagoela haur nagusiek jolasteko eta olgetan ibiltzeko nahiago dituzten moduak eta tokiak gehiago aintzatesteko. Nerabeek, askotan, lekuak bilatzen dituzte lagunekin elkartzeko eta independentzia hasiberria eta helduarorako trantsizioa esploratzeko. Dimentsio hori garrantzitsua da haien nortasuna eta kide izatearen sentimendua garatzeko.

AISIARAKO ETA JOLASERAKO ESKUBIDEA 2030 AGENDAN (GJH), FORU LEGERIAN ETA FORU PLANGINTZAN

Astelehena,11 irailak

Eskubide horrekin lotura duen GJHetako bat 4.a da: “Kalitatezko hezkuntza”. Izan ere, haren jomugetako batek berekin dakar haur guztiek eskura izatea arreta eta garapen zerbitzuak lehen haurtzaroan eta eskolaurreko kalitateko hezkuntza (4.2). Etapa horretan, ikaskuntzak jolasean oinarrituta egiten dira, batez ere. 

Horrez gain, lotuta dago 3. helburuarekin (“Osasuna eta ongizatea”). Izan ere, haren jomugetako batek zerikusia dauka arriskuak murriztu eta kudeatzearekin estatuko eta munduko osasunari begira (3.9.d); eta jolasa edo aisialdirako denbora izatea osasun mentalari eragiten dioten arazoak prebenitzeko eta ongizate fisikoa eta mentala sustatzeko modu bat da.

Era berean, zerikusia du 11. helburuarekin: “Hiri eta komunitate jasangarriak”. Izan ere, helburu horren jomugetako bat da segurtatzea pertsona guztiek eskura dituztela oinarrizko zerbitzu egokiak eta berdegune eta espazio publiko seguruak, inklusiboak eta irisgarriak: halakoak izan behar dute jolaserako tokiek (zabuak, parkeak eta abar).

Asteartea, 12 irailak

Haur eta nerabeei arreta eta babesa eman eta haien familiak, eskubideak eta berdintasuna sustatzeko maiatzaren 11ko 12/2022 Foru Legearen 21.1 artikuluan,  honako hau ezartzen da:  “Nafarroako Administrazio Publikoek sustatuko dute adingabeen eskubidea jolaserako, aisialdirako eta kultur zerbitzuak eta kirol, arte eta aisialdiko jarduerak erabiltzekoa, funtsezko osagaiak baitira haien garapenean eta sozializazio prozesuan; betiere, prozesu hori adingabe guztiengana iristen dela zainduko da eta neurriak sustatuko dira bakardadea ekiditeko eta zoriona lor dezaten laguntzeko”.

21.2 artikuluak hauxe ezartzen du: “Agintari eskudunek bermatuko dute jolas, aisialdi eta kirol jarduerak haien beharrekin eta garapenarekin bat etortzea, desgaitasunak dituztenentzat behar diren egokitzapenak eginda, eta adinaren arabera gune seguruak sustatuko dira bertan zuzeneko ikuskapenik gabe jolas daitezen eta haien autonomia eta gaitasunak gara ditzaten; nerabeentzat eskaintza bereizia egitea sustatuko da”.

Eta 21.3 artikuluan, exijitzen die Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta Nafarroako toki erakunde eskudunei elkarlanean sustatu dezatela handitu dadila kirol, aisialdi, udaleku eta beste jarduera batzuen eskaintza, lehenetsiz horien prezioak bat etortzea familien egoera ekonomikoarekin eta familien adingabe kopuruarekin, eta sustatzea, halaber, familien atsedenerako jarduerak egotea, terapeutikoak-aisialdikoak, oporrak egitekoak, egokiak babes sistemako adingabeentzat, eta zaurgarritasun egoeran edo bazterketa arriskuan daudenentzat.

Asteazkena, irailak 13

Maiatzaren 11ko 12/2022 Foru Legearen 19.5 artikuluak hauxe dio: “Osasun zentroetan, adingabeak bertan egotea beharrezkoa denean, haurrentzat egokiak diren guneak sortuko dira. Horietan, jolasteko eskubidea erraztuko da, eta eskura jarriko zaizkie jostailuak, liburuak eta ikus-entzunezkoak, eta adingabeen eskola eta familiarekiko loturak haustea eragotziko da ahalik eta gehien”.

Osteguna, irailak 14

30., 52. eta 53. artikuluek ahalmena ematen dute debekuak eta mugak ezartzeko, edo zehapenak ezartzeko, adingabeak babesteko adikzioa eragin dezakeen jokotik, delitu jardueretara edo edozein motatako diskriminaziotara bultzatzen duen jokotik, eduki pornografikoa duen jokotik, edo adikzioak sortzen dituzten edo haur eta nerabeei aitortutako eskubide eta printzipioak urratzen dituzten jarrera edo jokabideak izatera bultzatzen duten jardueretatik

Ostilara, irailak 15

Nafarroako Foru Komunitatean Familiari, Haurrei eta Nerabeei Laguntzeko II. Planak (2017-2023) aurreikusten du, jokoari dagokionez:

  • Administrazioek edozein familiarentzako zerbitzuak antolatzearen garrantzia; izan ere, baliabide hezitzaile edo ekonomiko gehien dituzten gurasoek jostailu eta liburu gehiago jartzen dituzte haurren eskura, ipuinak irakurtzen denbora luzeagoa ematen dute eta gehiago parte hartzen dute taldeko jolasetan;
  • 0-3 urteko haurren familientzako espazioak sortu beharra, haurrak haurrekin eta/edo gurasoekin jolasean eta harremanetan aritzeko gune abegitsuak izanen dituztenak;
  • Landa inguruneetan, haurren eta espazio publikoen arteko harremanak birpentsatzearen garrantzia; bi ardatzen bidez aztertu behar dira, eta ardatz horietako bat da haurrek kalearekin duten harremana, jolas eta topaketa espazio gisa;
  • Ohartaraztea familia ereduen aldaketek, kontziliazio zailtasunek eta zenbait hiritan gero eta segurtasun gutxiago izateak jolasteko espazio seguruak mugatzen dituztela eta haurrak etxean luzaroan eta inoren kargura egon gabe egotera behartzen dituztela.


 

ESKUBIDE HORREK BESTE PRINTZIPIO ETA ESKUBIDE BATZUEKIN ETA NAZIOARTEKO BESTE BALIABIDE BATZUEKIN ETA ESKUBIDEEN ALDEKO BATZORDEEN LANEKIN DUEN LOTURA

Astelehena, irailak 18

Lehen astean ikusi genuen Haurren Eskubideen aldeko Batzordeak bere 17. ohar orokorrean aisiarako eta jolaserako eskubidearekin lotutako hainbat alderdi jorratu, eta konbentzioaren printzipio orokorrekiko loturak ere aztertu zituela:

  • Diskriminaziorik eza: batzordeak azpimarratzen duenez, estatu alderdiek neurri egoki guztiak hartu beharko dituzte, haur guztiek 31. artikuluan aipatutako eskubideak gauzatzeko aukera izan dezaten, inolako bereizketarik egin gabe, edozein izanik ere haurraren, gurasoen edo lege ordezkarien arraza, kolorea, sexua, hizkuntza, erlijioa, iritzi politikoa edo bestelakoa, jatorri nazionala, etnikoa edo soziala, maila ekonomikoa, eragozpen fisikoak, jaiotza edo beste edozein baldintza. Arreta berezia jarri behar zaie haur talde jakin batzuen eskubideei, besteak beste: desgaitasuna duten haurrak, ingurune pobreetan edo arriskutsuetan bizi diren haurrak, pobrezian bizi direnak, erakunde penaletan, osasun erakundeetan edo egoitza erakundeetan daudenak, gatazka edo hondamendi humanitarioko egoeretan bizi direnak, landa komunitateetako haurrak, asiloa eskatzen duten haurrak eta errefuxiatuak, kaleko haurrak, talde nomadetakoak eta migratzaileak edo barneko lekualdatuak, jatorri indigenako haurrak eta talde minoritarioetakoak, lan egiten duten haurrak, gurasorik gabeko haurrak eta arrakasta akademikoko eskakizun handien mende daudenak.
     
  • Haurraren interes gorena: batzordeak nabarmentzen du haurraren interes gorenari dagokiola, definizioz, 31. artikuluan aipatutako eskubideak gauzatzea. Haurren interes gorena kontuan hartzeko betebeharra haurrei aplikatzen zaie norbanako gisa eta talde gisa. Baldin eta legegintza, politika eta aurrekontu arloetako neurri guztiek, bai eta ingurunearekin edo zerbitzuak ematearekin zerikusia duten neurri guztiek ere, 31. artikuluan aitortutako eskubideetan eragina izateko aukerak badituzte, haurraren interes gorena hartu behar dute kontuan. Hori, adibidez, honako hauekin lotutako erregelamenduei aplikatzen zaie: osasuna eta segurtasuna, hondakin solidoen bilketa eta ezabatzea, bizitegi eta garraio plangintza, hiri paisaiaren diseinua eta irisgarritasuna, parkeak eta beste berdegune batzuk sortzea, eskola ordutegiak zehaztea, haurren lanari eta hezkuntzari buruzko legeria, plangintza aplikazioak edo Interneteko pribatutasuna arautzen duen legeria, besteak beste.
     
  • Bizitza, biziraupena eta garapena: estatu alderdiek, ahal den neurrian, haurraren bizitza, biziraupena eta garapena bermatu behar dituzte. Horri dagokionez, Batzordeak nabarmendu du 31. artikuluko dimentsio bakoitzaren balio positiboa aitortu behar dela, haurraren gaitasunen garapena eta bilakaera sustatzeko. Horretarako, 31. artikulua gauzatzeko hartzen diren neurriek bat etorri behar dute haurrak adin guztietan dituen garapen beharrekin. Estatu alderdiek sustatu behar dute jolasak haurren garapenerako duen garrantzi nagusiaren kontzientzia eta ulermena, gurasoen, haurrak zaintzeaz arduratzen diren beste pertsonen, gobernuko funtzionarioen eta haurrekin eta haurrentzat lan egiten duten profesional guztien artean.
     
  • Entzuna izateko eskubidea: haurrek, norbanako eta talde gisa, beren iritziak adierazteko eskubidea dute eragiten dieten gai guztietan; iritzi horiek behar bezala hartu behar dira kontuan, haurren adinaren eta heldutasunaren arabera, eta haurrei laguntza egokia eman behar zaie beren iritziak adieraz ditzaten, beharrezkoa denean. Haurrek eskubidea dute jolasean eta jolas jardueretan erabakiak hartzeko eta autonomia baliatzeko, bai eta jarduera kultural eta artistikoetan parte hartzeko ere. Batzordeak azpimarratzen du garrantzitsua dela haurrei aukerak eskaintzea legeria, politikak eta estrategiak lantzen eta zerbitzuak diseinatzen laguntzeko, 31. artikuluan adierazitako eskubideen aplikazioa bermatzeko. Ekarpen horren barruan sar daiteke, adibidez, honako gai hauei buruzko kontsultetan parte hartzea: jolasarekin eta olgetarekin lotutako politikak, hezkuntza arloko eskubideei eta eskolen antolaketari eta ikasketa planei eragiten dien legeria edo haurren lanaren aurkakoa, parkeen eta tokiko beste egitura batzuen sorrera, hirigintza, eta haurrei egokitutako komunitateen eta inguruneen diseinua. Horiei dagokienez, jolasteko edo olgetan ibiltzeko aukerei buruzko iritziak emateko eska dakieke.

Asteartea, irailak 19

17. ohar orokorrean, Batzordeak Konbentzioaren beste eskubide garrantzitsu batzuekiko loturak ere aztertzen ditu:

  • Adierazpen askatasuna: haurrek nahiago duten moduan adierazteko eskubidea dute, legeak ezartzen dituen mugei soilik lotuta, muga horiek beharrezkoak direnean gainerakoen eskubideen errespetua eta ospea bermatzeko, edo segurtasun nazionala, ordena publikoa eta osasun edo moral publikoa babesteko.
     
  • Lagunak eta parte hartzeko erakundeak aukeratzea: elkartzeko askatasuna 31. artikuluan jasotako eskubideen funtsezko dimentsioa da; izan ere, haurrek, elkarrekin, imajinaziozko jolasak sortzen dituzte, eta horiek nekez gertatzen dira helduen eta haurren arteko harremanetan. Haurrek bi sexuetako kideekin eta trebetasun, klase, kultura eta adin desberdinetako pertsonekin elkarreragin behar dute, lankidetzan aritzen, toleranteak izaten, partekatzen eta asmamena garatzen ikasteko. Jolasak eta olgetak lagunak egiteko aukerak sortzen dituzte, eta funtsezko eginkizuna bete dezakete gizarte zibila indartzeko, haurraren garapen sozial, moral eta emozionalari lagunduz.
     
  • Informazioa jasotzea: estatu alderdiak bultzatzen dira haurrek beren kulturarekin eta beste batzuenarekin zerikusia duten informazioa eta materialak eskura izan ditzaten bide desberdinak erabiliz, ulertzen duten hizkuntzan (zeinu hizkuntza eta braillea barne), egile eskubideei buruzko legeen salbuespenak baimenduz, inprimatutako materialak ordezko formatuetan eskuragarri daudela ziurtatzeko.

Asteazkena, irailak 20

Hona hemen Konbentzioaren beste eskubide garrantzitsu batzuk, Batzordeak bere 17. ohar orokorrean aztertu dituenak aisiarako eta jolaserako eskubidearekin lotuta egoteagatik:

  • Haur errefuxiatu eta asilo eskatzaileentzako berariazkoak: ahaleginak egin behar dira haur errefuxiatu eta asilo eskatzaileek harrerako herrialdeko haurren aukera berberak izan ditzaten 31. artikuluan adierazitako eskubideak baliatzeko.
     
  • Desgaitasuna duten haurrentzako berariazkoak: familiek, haurrak zaintzen dituzten pertsonek eta profesionalek aitortu behar dute jolas inklusiboa eskubide bat dela eta balio duela desgaitasuna duten haurrek garapen optimoa lortzeko. Estatu alderdiek sustatu behar dute desgaitasuna duten haurrek aukerak izan ditzatela jolasean parte-hartzaile aktibo izateko eta berdintasunean jolasteko. Horretarako, helduak eta ikaskideak kontzientziatuko dituzte eta adinari egokitutako laguntza edo asistentzia eskainiko dute.
     
  • Osasuna babesteko eskubidea: egia da 31. artikuluan aurreikusitako eskubideak baliatzeak haurraren osasunean, ongizatean eta garapenean laguntzen duela, eta, gainera, haurrak gaixorik eta/edo ospitaleratuta daudenean eskubide horiek baliatzeko xedapen egokiak hartzea oso lagungarria izan daitekeela haurraren errekuperazioa errazteko.
     
  • 27. artikulua: bizi maila desegokiak; pilaketa edo segurtasunik ezeko baldintzak; ingurune arriskutsu edo osasungaitzak; elikadura desegokia; eta nahitaezko lan kaltegarria edo esplotazio bidezkoa; izan ere, horiek guztiek haurrei eragotz diezaiekete, zati batean edo osorik, 31. artikuluak babestutako eskubideak baliatzea. Estatu alderdiei eskatzen zaie kontuan har ditzatela gizarte babesari, enpleguari, etxebizitzari eta haurren espazio publikoetarako sarbideari buruz prestatzen dituzten politikek 31. artikuluan jasotako eskubideen gainean dituzten ondoreak, batez ere etxeetan jolasteko aukerarik ez duten haurrei begira.

Osteguna, irailak 21

Eta hemen daude Konbentzioaren beste eskubide garrantzitsu batzuk, Batzordeak 17. ohar orokorrean aisiarako eta jolaserako eskubideari lotuta aztertzen dituenak:

  • Hezkuntza (28. eta 29. artikuluak); izan ere, haurraren nortasuna, talentuak eta trebetasun mental eta fisikoak ahalik eta gehien garatzea izan behar du xede. 31. artikuluan jasotako eskubideak aplikatzea funtsezkoa da 29. artikuluan aurreikusitako eskubidea gauzatzeko. Beren ahala ahalik eta gehien aprobetxatzeko, haurrek kirol eta jolasetan parte hartzeko aukerak (...) behar dituzte. Batzordeak azpimarratzen du, halaber, 31. artikuluak babesten dituen eskubideek ondorio positiboak dituztela haurraren hezkuntza garapenean; hezkuntza eta jolas inklusiboak indartu egiten dira elkarren artean, eta egunero erraztu behar dira hezkuntzan eta lehen haurtzaroko (eskolaurreko) zaintzan, baita lehen eta bigarren hezkuntzan ere. Jolasa adin guztietako haurrentzat erabilgarria eta beharrezkoa bada ere, bereziki garrantzitsua da eskolatzearen lehen urteetan. Ikerketek erakutsi dute ikasteko bitarteko garrantzitsua dela jolasa haurrentzat.
     
  • 32. artikuluan jasotakoei dagokienez, Batzordeak adierazi du herrialde askotan haurrek lan gogorretan parte hartzen dutela, eta horrek 31. artikuluan aitortutako eskubideak kentzen dizkiela. Gainera, milioika haurrek etxeko langile gisa edo familiaren barruan arriskutsuak ez diren lanetan lan egiten dute, behar bezalako atsedenik eta heziketarik gabe, haurtzaroko tarte handian. Estatuek beharrezko neurri guztiak hartu behar dituzte haur langile guztiak 31. artikuluko eskubideak urratzen dituzten baldintzetatik babesteko.
     
  • 19., 34., 37. eta 38. artikuluei dagokienez, ohartarazten da indarkeriak, sexu esplotazioak, bide ez-legitimo edo arbitrarioen bidezko askatasun gabetzeak eta gatazka armatuetako nahitaezko zerbitzuak larriki zapaltzen dutela haurrek jolasaz, olgetaz eta bizitza kulturalean eta arteetan parte hartzeaz gozatzeko duten gaitasuna, edo, are gehiago, gaitasun hori ezabatu egiten dutela. Beste haur batzuen aurkako larderia ere eragozpen garrantzitsua izan daiteke 31. artikuluan aurreikusitako eskubideak baliatzeko. Eskubide horiek gauzatu ahal izateko, estatu alderdiek beharrezko neurri guztiak hartu behar dituzte haurrak egintza horietatik babesteko.
     
  • 39. artikuluari dagokionez, estatu alderdiek zaindu behar dute ardurarik eza, esplotazioa, tratu txarrak edo bestelako indarkeria jasan duten haurrek laguntza jasotzen dutela, haur horiek oneratu eta birgizarteratzeko. Haurren esperientziak, mingarriak edo kaltegarriak barne, jolasaren edo adierazpen artistikoaren bidez komunika daitezke. 31. artikuluan jasotako eskubideak baliatzeko aukerek baliabide baliotsua eskain dezakete haurrek beren bizi esperientzia traumatikoak edo zailak kanporatzeko eta, horrela, beren iraganarekin adiskidetzeko eta beren etorkizunari hobeki aurre egiteko. Jolasak eta adierazpen artistikoak aukera emanen diete komunikatzeko, beren sentimenduak eta pentsamenduak hobeki ulertzeko, arazo psikosozialak prebenitzeko edo konpontzeko, eta harremanak eta gatazkak prozesu natural baten bidez maneiatzen ikasteko, beren kabuz, beren onera etortzeko.

Ostilara, irailak 22

Europako Haurren Bermea Ezartzeko Estatuko Ekintza Planean (2022-2030), zeharkako 3. ardatzaren diagnostikoaren barruan (lurralde ekitatea eta ingurune babesleak, inklusiboak, berdintasunezkoak eta parte-hartzaileak sustatzea), 81. neurria sartzen da: hiri ekipamenduak, jolasguneak, parkeak eta berdeguneak hobetzea, bereziki hiri berroneratzea behar duten eremuetan eta desabantailan dauden landa eremuetan.